1979-80 ikasturtean, Ikastola eta Eskola Publikoaren arteko batze prozesuari ekin zitzaion eta 1983-84 ikasturtean erabat burututa geratu zen, euskarazko eredua maila guztietara zabalduz.
Ikastolak garai hartan, Eskolaurreko hiru urteak eta OHOko 1., 2. eta 3. mailako eskolak eskaintzen zituen. Laugarren mailatik aurrera, beraien ikasketak euskaraz jarraitu nahi zituzten ikasleek, Tolosara joan behar izaten zuten.
Hau horrela izanik, bi ikastetxeen arteko “fusioa” planteatu zenean, arazo horri ere irtenbide bat eman nahi zitzaion, izan ere, ez zen bidezkoa 9 urte besterik ez zituzten haurrak, Tolosaraino joan behar izatea ikasketak euskaraz jarraitu ahal izateko.
Horrela, “fusio” prozesua hasi zen momentutik, Eskolaurreko lehen mailan eta 4. mailan ikasketak euskaraz eskainiko zituzten gelak sortzea erabaki zen, matrikula berriak eta ikastolako OHOko hirugarren mailako haurrak ikastetxe publikoan hartzeko. Aukera hau, herriko eskolan egon eta beraien ikasketak euskaraz egin nahi zituzten ikasleei zabaldu zitzaien, kontuan izanik hauetako asko inguru erabat euskaldunen bizi ziren haurrak zirela.
Urtez urte “D”ereduko gelak sortuz, bailarako ikasle guztiek gure ikastetxean OHOko ikasketak euskaraz burutu ahal izatea lortu zen.
Horregatik, eta bide horri jarraituz, gure ikastetxean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezarri da 1996-97 ikasturtean, Amezketa eta Ikaztegietako Lehen Hezkuntzako ikastetxeekin elkartuz.
