ZUHAITZ EGUNA 2007

Asteazkena, 2007 Martxoa 14

Datorren ostiralean Aralar BHI eta San Juan LHI eskolakook zuhaitz eguna ospatuko dugu.
Egitaraua:

9:00tan eskolatik Langaurrera abiatuko gara. Txupitxutik aurrera ibilaldi neurtu bat antolatu dugu.

Langaurren, ihaz landatutako zuhaitzak bixitatuko ditugu. Ondoren guraso elkarteak prestatutako hamaiketako goxoa jango dugu. Udaletxearen kontura tripa bete eta gero, urkiak, haritzak eta intxaurrondoak aldatuko ditugu. Bazkaldu, jolastu, dena txukundu eta 16:00tarako eskolara itzuliko gera.

Gure asmoa naturaz gozatzea, bere garrantziaz jabetzea, norbera naturaren partaide izatea, natura zaintzea eta gure zuhaitzak ezagutzea da.

Eguraldia lagun, ikasturteko egunik atseginenetako bat izan daiteke. Beraz, hau irakurri duzuenok gonbidatuta zaudete gurekin naturaz gozatzeko.

TXINTXARRI TXIKI ABESBATZAREN BISITA

Asteazkena, 2007 Otsaila 14

Iñauteriei hasiera emateko herriko eskolako ikasleek TXINTXARRI TXIKI abesbatzaren emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute.

Kultur etxeko lau pareten  artean abesti zoragarriak entzun dira eskolako ikasle batzuk abestuta. Gonbidatzen ditugu nahi dutenean berriz ere gure txaloak jasotzera etortzeko.

ESKERRIKASKO!

2006ko Azaroaren 18an, Begoña Azpeitiari omenaldia

Asteartea, 2007 Otsaila 6

2006ko Azaroaren 18an, Alegiko plazan Begoña Azpeitia eskolako andereñoak alegiarren agurra jaso zuen. Egindako saioan, Imanol eta Beñat Irazustabarrenak abestutako bertsoak argitaratu nahi izan ditugu eskolako blogean.

Bertan kantatutako bertsoak

Doinua: Haurtxo txikia negarrez dago
 (bigarren bertsoa Eguna pasa nekean eta)

1.-
 
Imanol
Haurtxo txikia negarrez dago
badaki bazoazela,
eta gehiago eskola honta
azalduko etzarela,
orain jubilatu zeran arren
luze utzi dezu kordela
haurtxo txikiak ez du ahaztuko
Begoñan magal epela

2.-
Beñat
Gaurko honetan Begoña zuri
zorionak lehendabizi
urte askoan ikasle asko
ondo dezulako hezi,
gaurko sariak eta txaloak
ondo ditezu merezi,
aurrerantzean lasaixeago
eta ondo ondo bizi (bis)

3.-
Imanol
Umeok eskola aldera ez
degu inolaz joan nahi
baina zu zinen andereño ta
gu joaten ginen lasai
Ama bakarra dagola hemen
hori esaten dute ai!
baina alegiarren kasuan
bigarrengoa ere bai.

4.-
Beñat
Alegiako ia gazte denak
ibili gera zurekin
adibide hor nere burua
zurekin sei urterekin
zenbat mesede egin diguzun
norbaitek ba al daki jakin?
makina ume zuzendu zendun
zure tiradizoekin

5.-
Imanol
Ume guztik zure magalean
hartzen zenituen usu,
ta oraingo honetan eskolan
bate umerik ez duzu
urte asko hor pasa dituzu
hori ez da broma aizu
batzuk haunditu in gera baino
ume pila bat dituzu

6.-
Beñat
Kalejirakin eman diogu
gaurko hontan hasiera
Garazi ere azaldu zaigu
agur hori dantzatzera
hemen denok etorriak gera
zuri eskerrak ematera
gu bagoaz ta oain Imanolek
emango`io bukaera

7.-
Imanol
Nahikoa kantatu degu eta
jada bukatu beharko
hauxe gaurkoa, bukatu behar
ezin da utzi biharko.
Kontu hau konplikatua eta
oso polita dalako
hiru hitzetan esango degu
Begoña eskerrik asko.

AGURRA

Larunbata, 2006 Abendua 30


Berriro ere ikasturte berri batean murgildurik gabiltza ilusio eta indar berrituarekin, denak lanerako prest.

Ikasle batzuk bere ikasbidea DBHn jarraituko dute. Lagun berriak eta lan bikaina egin dezaten opa diegu, eta… gurera etorri diren ikasle berriei: ONGI ETORRI. Bi urteko gelara: ANNE, UXUE, EÑAUT, OIER, XUBAN, MARKEL, TELMO, EGOI, ANDONI, IKER, LOREA, ANDER, MADDI, ANE, IRATI ROPERO, IRATI UGARTEMENDIA, IZARO, NEREA eta AIMAR  etorri dira.

ONGI ETORRI era berean 3 urteko, LIDE, KATTALIN, UNAX  eta ALAITZi, 4 urteko AIMARri, 5 urteko MANALi, LH4. mailako TIAGOri  eta LH5. mailako MARWANEri.
Ikasle berri guztien argazkiak oraindik ez baditugu eskegitzeko moduan, jarraian dagoen argazkia sakatuz sar zaitezke ikasle berri batzuenak ikusteko karpetan.

KULTURARTEKOTASUNA ESKOLAN

Osteguna, 2006 Azaroa 30

Gizartea aldatzen ari da, heterogeneagoa bihurtzen ari da; kultur desberdinetako pertsonak elkarrekin bizi gara. Elkarbizitzea elkarrezagutzera garamatza: besteen kultura, ohiturak, munduaren ikuspegia ezagutzeko aukera daukagu. Kultur aniztasunak aberasten gaitu.

Aberastasun hau gure eskolan era natural batean bizi nahi dugu, eta modu grafiko batean, musika, jolas… erabiliz 5 herrialde ezagutzeko aukera emango digu ikasturtean zehar.

Eskolako sarreran herrialde bakoitzaren ezaugarriak adierazten ditugu eta ikasleek zikloka antolatutako herrialde horietako jolasak ezagutzen dituzte jolas garaian.

Urrian aste batean Portugal ezagutu genuen. Azaroan Venezuelako txanda izan da eta 2007an, Ecuador, Uruguay eta Maroko ezagutuko ditugu.

Laster, jarduera horretan ateratako argazki batzuk ikusi ahal izango dituzue.

Venezuela landutako astean ateratako argazki gutxi batzuk ikusteko sakatu irudian.








Alegiako Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza Eskola
Aralar bidez z/g 20260 ALEGIA Gipuzkoa (EH)
Telefonoa eta Faxa: 943.65.32.37
emaila: alegiakoeskola(a bildua)gmail.com